C’est moi – Aitor Albistur

Doinua: ETAren su-etenetik

1.
Nahiz ezer distiratsurik
ez dudan egin bizitzan,
nahiz eguzkitan ondoen
egoten naizen gerizan,
nahiz itxurarik ez zaindu
metrosexualen gisan,
nahiz gosea utzi nuen
bart afaldutako pizzan,
nahiz unea ez gozatu
azken unea bailitzan,
nahiz azken hiletatik ez
naizen agertu elizan,
naizena izanda ezin
ote naiz normala izan?

2.
Gorroto dut bizi dugun
diruaren diktadura,
banketxeekin hilero
hil arterako lotura,
interes hutsez ezarri
diguten hainbat ohitura;
alegia, bizitzea
txotxongiloen modura!
Maite dut irudimenez
hasitako abentura,
maite dut sormena eta
maite dut literatura;
hain justu, mundua alda
dezakeen guzti hura.

3.
Sinesten dut jekerik nahi
ez lukeen harenean,
hiru laurdenak astindu
ditzakeen laurdenean,
sinesten dut beti garaiz
iristen ez den trenean,
gaurkoaren biharkoan,
atzokoaren lehenean,
sinesten dut bekatuan,
sinistu barkamenean,
sinesten dut baldintzarik
gabeko sinismenean,
sinistu beharra bera
baldintza bat ez denean.

4.
Ez dakit nola alaitu
gure gizarte goibela,
ez dakit nola sentitu
baliotsua naizela,
ez dakit nola esan ez
mingainak bai dioela,
ez dakit nola amestu
herri libre bat garela,
ez dakit kairatu al den
Joxe Migelen batela,
baina badakit, bizitzan
ikasi dudan bezela,
ez jakiten jakitea
jakintzaren funtsa dela.

5.
Zergatik gaude bakarrik
triste gauden egunetan?
Zergatik ez gaude pozik
nahi duguna dugunetan?
Zergatik gaude denbora
faltan hamaika unetan,
baldin faltan daukaguna
badaukagu garunetan?
Zergatik ibili behar
da argi gau ilunetan?
Zergatik tematzen gara
galderen erantzunetan,
erantzunak galderarik
onartzen ez digunetan?

6.
Inoiz miretsi izan dut
merezi ez zuen norbait,
inoiz eskertu didate
egin nahi ez nuen zerbait,
inoiz gogor erantzun dut
eta inoiz erabat light,
bizitzan izaten diren
gorabeheren menpe nonbait…
Inoiz aldatzeko premi
itogarria piztu zait,
baina naizenaren oskol
aldaezinean darrait,
jakinda ez dela inoiz
inoiz ez izango noizbait.

7.
Betoz momentu alaiak
eta ez bitez mugitu,
betoz esperantzak behar
bezainbeste zirrikitu,
betoz biderkatzaileak
gu ez gaitezen zatitu,
betoz aritu nahi duten
behar adina aditu…
Eta etortzen ez diren
amets hauen zain gelditu
beharrean, datozela
nahi nukeenez sentitu,
bila abiatu ohi naiz,
nahiz ez ditudan aurkitu…

8.
Hala naiz, unibertsoan
nahiz itzaltzen den izarrik;
euskara salbatu gabe
nahiz moztu dudan bizarrik;
hala naiz, nahiz ez goretsi
Marine amerikarrik;
hala naiz, nahiz ez aditu
Jainkoaren deiadarrik;
hala naiz sortzetik, eta
ez dit sortu ezer txarrik;
hala naiz, ez hala egin
nindutelako bakarrik;
hala naiz, ez dudalako
hala ez izan beharrik.

TXIKITATIK IRAKURRI DITUGU HAINBAT LIBURU – MAIDER BARAÑANO

Doinua: ETAren su-etenetik

1)Txikitatik irakurri
ditugu hainbat liburu
Denek printzesa izaten
erakustea helburu
Etxean izan ditugu
milaka barbie inguru
Eta hauek denak ere
eredu hartu ditugu
Iparra galduaraziz
estereotipo bat buru
Modelo izan nahi dugu
asteburuz asteburu
Perfektua izatea
bihurtzen da gure gudu
Eta benetan garena
ahaztu egiten dugu

2) Ispilura hurreratuz
eta jarriz parez pare
Ilea piskat aldenduz
aurpegitik oso suabe
Gure gorputza behatuz
akats bila dohakabe
Ohitura honek sortu ohi
dizkigu hainbat nahigabe
Besteek ematen dute
itxuraz hain peregabe
Eta guk zenbat arazo
Akats eta atsekabe
Islada bat bihurtzen da
gure buruaren jabe
Imitatzaile sinple bat
dela gogoratu gabe

3) Armairua irekita
dugu makina bat traba
Arropa aukeratzean
hartu ohi dugu patxada
Dena tentuz aukeratuz
akats gabe ahalbada
Zeren pasatu ezkero
probokatzaileak gara
ispilura hurbilduta
behatuz gure islada
Makilatuz jartzen dugu
komeni zaigun maskara
Beti besteek gustuko
izango duten erara
Gure izateko era
ezkutatuz beharbada

4) Izaten dugun arropa
ez da batere apala
Gona motz oso eztua
eta eskote zabala
Kale ilunetan zehar
mugituz gure itzala
Takoiek zapaltzen dute
espaloi hotzen azala
Txistuak entzun beharrak
Tabernan sartu ahala
Sentiaraziz etxean
Egon nahia berahala
Orduan gure burua
sentitu ohi dugu hala
balio gabeko trapu
zaharrak bagina bezala

Bizminak minbiziari – Amaia Agirre

Doinua: Haizea dator ifarraldetik

1.-Berrogeita lau urte kunplitu
behar nituen bezperan
mamografia bat egin nuen
urtero ohi nuen eran
zertan beldurtu? Ordura arte
dena joan zen primeran;
lehen izena ere neurea
erizainaren zerrendan;
agindu zidan moduan etzan
eta hitzbidea eman…
Geroztik mina dut agintean
eta irrifarra greban.

2.-Alde handia egonagatik
medikutik medikura
onenak ere ezin ezkuta
begirada estu hura
hau esanez so somatzen nuen
bularraren ingurura
“agian ez da ezer izango”
baina nork gainditu duda?;
Nahiz ta uxatu nahi izan zidan
ezina ta arrangura
kanpoko koskor txikia barne
zulo handi bihurtu da.

3.-Seme txikia eta senarra
kanpoan zain, non bestela?
Irten orduko nola azaldu
begietako umela?
Nola kontatu nire trauma hau
ezer ez balitz bezela?
Nola berdindu irrifar batez
beraien muxu epela?
Nola ulertu behar du Ekhik
(azal diezadatela):
bizi sostegu zuen bularra
arriskuan dagoela?

4.-Senarrak ezer galdetu gabe
aldatu du aurpegia
indarrak batu ta irriparrez
itxi dit ezker begia
nik ez dut jaso adierazi
nahi zidanaren erdia;
eta semeak “ama, zer moduz?”
galdera astunegia
“sasoiko nago” erantzun diot;
ez ote da miseria?…
Guk ezkutatu arren denborak
esango dio egia.

5.-Sortu aurretik ugatzetako
ehun ta mintzen problema
ezinbesteko prebentzioa
da bularren haztapena
adin honetan, ordea, gaitza
da gaitzaren hastapena;
animo hitzen mamua baino
ez da nire hasperena
hutsetik hasi beharra daukat
nahiz hutsik izan barrena
gaur naizenetik osatzen baita
gero izango naizena.

6.-Ginekologo jaunak nahiz esan
“garaiz harrapatu dugu”
lasaitzearren edo zinez zen
ezin dut jakin seguru;
Ni ez naiz gai ta aita-semeak
jarri dira buruz buru
aitaren hitzek lotu dituzte
bi begirada, bi mundu
“ama galduko dugun beldurrak
indartu behar gaitu gu
borroka ez du galdu oraindik,
ilea soilik galdu du”.

7.-Ai, Ekhi, maite, ai, Ekhi, kuttun
nahiz izan soilik sei urte
gainean jarri eta esan dit:
“amatxo zuk eutsi fuerte
Pirritx ta Porrotx gure eredu
hartu behar genituzke
Mari Mototsek ere ilea
galdu du gaitzaren truke
ta azkenean sendatu eta
kantuan amaitzen dute
eta ama zuk ere kantu bat
prestatu behar zenuke”.

8.-Hain naiz gaztea, hain naiz alaia
hain ona, hain atsegina
bizitzak proban jarri beharra
hau da sinistu ezina!
Nahiz “cáncer” hitzak “cangrejo” hitza
duen jatorri jakina
aurrera eman nahi dut pausoa
ta ahal dela binan bina
hitz ematen dut aintzat hartuta
semearen imajina:
minbiziari gain hartzeko gai
dela nire bizimina.

9.-Gaixotasuna bere bidean
doa modu sarkorrean
txanoa jantzi ta_ametsak bildu
ditut esku ahurrean
goizero legez itsas ertzera
noa bide laburrean
amorrazio zantzuak ditut
barne ilun nabarrean
baina niregan ez dut beldurrik
kaian ilunabarrean
jada ez bainaiz txiki sentitzen
itsasoaren aurrean.

10.-Itsas harroan baretu ohi dut
hutsune ta gabezia
perfekzioa dela sinetsiz
nire gorputz biluzia
lasaigarri zait haize fina ta
kaioen hots berezia
berdin kresalak ezpain ertzetan
itsasten didan gazia
sortu ta lehertu, lehertu ta sortu
olatuen malizia
azken batean joan-etorriko
olatu bat da bizia.

11.- Gaur hemeretzi ditu urriak
zinez egun ezaguna
juxtu gaur baita minbiziaren
nazioarteko eguna.
Gainditu ditut botalarriak
ta ile gabetasuna
kendu txanoa ta protesia
ta irriz jantzi hutsuna
lau haizetara zabal dadila
aldarrien oihartzuna
heriok ere jakin behar du
bizi egin nahi duguna.

12.-Kimioaren eraginpean
zenbat min ta delirio
baina indarra dut bidelagun
etsiak ez du balio;
analisien azken emaitzak
lasai egoteko dio
guztia ondo atera zela
aurrerapenak medio
berpiztu zaizkit irribarrea,
bizi gogo ta desio
borroka hau nik irabazi dut
izorra zaitez herio!

Zu – Ane Labaka

Doinua: ETAren su-etenetik

1.- Sabelean sentitzen dut
ejerzito bat inurri
hain nabil gogoz oparo
ta irudimenez urri,
baina ezin uko egin
hainbat aitorpen xamurri;
zarela nire bertsoen
errima, doinu ta neurri,
nire musa, nire jainko,
inspirazio iturri…
inoiz idatzi ez dena
idatziko dut bihurri
eta zuk lerro arteko
hutsuneak irakurri.

2.-Nonbait ahalmen berezia
duzu esku ahurrean
kilimaz betetzen baitzait
gorputza zure aurrean
bi hego txiki atera
zaizkit bizkarrezurrean
hegan egin baitezaket
zure ondoan, hurrean,
“geroarte” bat gordetzen
duzulako “agur”ean,
haize bilakatu nahi dut,
orbela nahastu lurrean,
poesia idazteko
zure ile kizkurrean

3.-Zurearekin osatzen
dut nire alter egoa
zurekin nagoenetik
ez naizelako lehengoa,
jada ez baita beldurra
nire gauen borreroa,
ez bainaiz autoestima
krisi baten bezeroa.
Berdin zait jendearentzat
banaiz pertsona eroa,
pasionala, kursia,
ameslaria, beroa…
zure eskuko marretan
irakurtzen dut geroa.

4.- Naranja erdiarena
da metafora zozoa
hor doa zu azaltzeko
saiakera inozoa:
eguzkitan gizakia,
ilargipean otsoa,
azukre gabeko tea,
amonaren bizkotxoa,
Oportoko ardo ona,
txoznako kalimotxoa
limoiaren zatitxo bat
edo marrubi osoa…
behar denean garratza
behar denean gozoa.

5.- Izan nahi dut ilunpean
zure argi seinalea,
paradisura daraman
hiri bateko kalea,
hare erlojutik jausten
den azken hondar alea,
zuregana energia
daraman eroalea,
maitasun dosiak behar
dituen drogazalea,
aldi batean izanez
emailea, eskalea,
zure lagunik onena
eta zure maitalea.

6.- Ez dut nahi goizez ohera
ekartzea gosaria,
ez larrosaz betetzea
nire etxe ataria,
urteurren bakoitzean
jasotzea oparia,
soka lodi bihurtzea
lotzen gaituen haria…
begiak itxiko ditut
egin dezazun magia
eman zaidazu muxu bat,
sentitua, jostaria,
ta esan ez dela ematen
didazun azken aldia.

7.- Goxotasuna nahiko nuke
hitz poetikoetan neurtu
zure gogortasun oro
laztan batekin xamurtu
kopeta zimurtu gabe
gero ezpainak zimurtu
irriparre forma hartuz,
zure aurrean makurtu,
zure agintari edo
zure menpeko bihurtu,
arakatu, deskubritu,
gozatu, maitatu, gurtu…
eta une batez zure
begiradarekin urtu.

8-. Zer gerta liteke gure
poztasunera ohitzean?
eguneroko magia
errutinak pozoitzean?
hasierako ilusio
ta ametsak herdoiltzean…?
konfiantza izan zazu
nik emandako hitzean
beldurrak joan zaizkit zure
aurpegia oroitzean,
gauez estutu nazazu
ta ez askatu goizean…
askeago sentitzen naiz
besarkada bakoitzean.

9.-Bizitza bada erdi lo
begiak irekitzea,
besoa luzatu eta
hor zaudela sentitzea,
izarapeko munduan
pasioa usaitzea,
zoriontasuna ohe
ttiki baten kabitzea,
bizia eta bizitza
zer diren ezberdintzea,
zu ondoan izatea
baldin bada bizitzea…
zoragarria izan da
bizitza deskubritzea.

10.-Maitatu adina behar
izaten da borrokatu
eskuko behatz puntekin
zeruko izarrak batu,
ilargiari dantzatu
ortzadarra zeharkatu,
sorta honetan zenbat “zu”
gordetzen diren zenbatu
gero “ni”-ak gehitu eta
guregatik biderkatu
ez zatiki, deribatu
eta ez erro karratu
zenbat desio zaitudan
ezin duzu kalkulatu.

Gerra Zibila – Unai Agirre

Doinua: Ikusten duzu goizean

I
Hernani herri bildua;
bizi beharrak zaildua;
lanean korapildua.
Mila beatzirehun hogeita hamasei
triste hartan abaildua;
nahigabean amildua;
uztail beltzak umildua;
tiro hotsek isildua.

II
Gerrako abioi tutu,
lubaki erdi-ezkutu,
elkarren aurka estutu…
Kanposantuko pareta zaharrek
zer ez zuten ezagutu?
Zahar eta gazteak juntu,
bala errazen jo-puntu;
orduan ziren mututu.

III
Herri honen azpi lotsak,
desberdinak guztiontzat,
zer indar dun heriotzak!
Galarretatik Tellerigaina
zeramazkiten hilotzak…
hausten zituen bihotzak,
eta isiltasun hotzak:
gurdiaren negar hotsak.

IV
Herriko jende aparta
lurperatu zen hamarka,
zapata eta abarka;
izeba zenak, izen abizen,
esan zizkidan bakarka…
falangista eta carca
denez oroitzea marka!
ta ni mututzea barka…

V
Suntsitze antolamendu
hau da gordean mantendu,
nahiz ta seguru gauden gu.
Ondarretako kartzela zena
gogotikan ezin kendu!
Urri, azaro, abendu,
itsasoak ekartzen du,
baldin entzun nahi bagendu.

VI
Galdutakoen altzora,
oroigarri eta lora,
jarri duenik asko da.
Hor lurperatu omen zituzten
berrehun gorputzetik gora;
berriz hezurrak kanpora,
eraman ziren gerora,
norbaitek badaki nora…

VII
Kanpandorreko ezkila;
agonian norbait hila,
hiru urtez zenbait mila…
Hernanin hainbat hildako utziz
joan zen Gerra Zibila;
askok jarraitzen du bila,
eskatuz entzun dadila:
GERRAREN OIHU ISILA

Denontzako jaiak – Uxue Alberdi

Doinua: Naufragoarena

Txanpain botilak, kopak, trapuak,
drogak, pankartak, dantzak, kantuak…
Baina kamerak “zoom in” egin du.
Utzi ditu fokatuak
eme desenfokatuak:
kamiseta urratuak,
bular eskuz zanpatuak
ipurmasail kolpatuak…
txaranga-doinuz dantza egiten
al du patriarkatuak,
irribarreek estal ditzaten
gorputz subordinatuak?

Batzuek ozen diote “alde!”,
askok burua jiratu suabe…
Pixa egitera ere binaka
joaten gara bazpare…
(libre ustean halare).
Baina hain ohituta gaude,
azter gaitzaten goi ta behe
sarri konturatu gabe.
Ohartu gabe uzkurtzen diren
gure gorputzei galde!
Emakumeok ondo dakigu:
eskuak beti hor daude.

Menorkan edo Euskal Herrian;
Tahrir-en edo Plaza Barrian;
emakume ta gizonak gaude
desberdintasun gorrian,
egunen joan etorrian.
Hamaika esku gerrian,
zirri hemen ta zirri han
lerde zuria irrian…
Lujanbiori aditu nion
galdera dut eztarrian:
“zer, arazo hau baldin balego
beste denen oinarrian?”.

( Jatorria: http://www.argia.com/argia-astekaria/2379/denontzako-jaiak )

Distantziak – Jone Uria

Doinua: ETAren su-etenetik

1
Noiz sentitzen dugun gertu
lagun baten presentzia,
noiz heltzen den izatera
pertsona bat ahantzia…
Nahiz eta sarri ez dugun
guzti horren kontzientzia,
non gauden gu, non besteak;
badu bere garrantzia.
Neurgarria ote den
ez da galdera itxia.
Baina izenek bermatzen
dutenez existentzia,
kontzeptu horri izentzat
jarri zaio distantzia.

2
Imaginatu gazte bat
pubertaroan jadanik,
burua puztuta mila
amets, esperantza handik.
Nola segi horren txintxo
hamabi urte izanik?
Erantzun txarrak, oihuak,
etxean apenas lanik…
Distantzia bat markatu
gura du amarengandik.
Ama konturatu dadin
pista horiek emanik
ez dela bularra hartzen
zuen umea oraindik.

3
Pentsatu gazte berbera
lau urte beranduago.
Hamasei urteak ditu
klase berean igaro.
Lagun min bat ere badu,
hori ez da hain arraro.
Baina instituturako
saltoa emanda; klaro,
laguna zientifikotik
ta bera letren naufrago.
Oraindik alboko gelan
20 metrotara dago,
baina berak sentitzen du
inoiz baino urrunago.

4
Demagun laupa bost barru
hogeita bat betetzean,
koadrila jator bat dauka
beste askoren antzean.
Lagun bat badu, artista
ekintzan eta hitzean,
ez dena lasai geratzen
borroka egin ezean.
Baten sartu zutenetik
Guardia Zibilek kotxean,
nahiz eta horren urruti
duten, Puerton, espetxean;
ze gertu sentitzen duen
bere gutun bakoitzean.

5
Ondoren karreran jaso
ditu mila irakaspen,
baina sendoena jaso
behar du azkenetan azken.
Bikotearekin urte
bete hasi zela hasten,
urtebeterako doa
Amsterdamera ikasten.
Pentsatu du “asko dira
ez dutenak guztiz uzten,
horrelako zerbait ez du
kilometro pilak hausten.”
Baina gauzak distantzian
ez dira berdin ikusten.

6
Beste bi urte pasata,
aldatu gabe pultsua,
lan mundurako saltoak
ematen dio izua.
Krisi ekonomikoak
hartu du bere pisua,
lana herrian lortzea
bihurtzeraino luxua.
Herrian ditu lagunak,
bikotea, lehengusua…
Beraz ez du eman gura
atzerrirako pausua.
Hurbiltasuna ez balitz
bezala arriskutsua…

7
Iritsi da betetzera
hogeita hamabi tako.
Kezka ditu hipoteka
ta haurrak, esaterako…
Garai zaharrak oroituaz
egiten du barre franko:
laguna askatu zuten,
lanean ari da bapo,
institutuan pasatu
zueneko hura txarto,
neska harengatik nola
bota zuen mila malko…
distantziaz ikusita
ez ziren hainbesterako!

8
Pertsona hipotetiko
honen bizitza hala zen,
baina ez al gara denok
horrelakoen almazen?
Oso ondo jakin gabe
non gauden, nora goazen…
Sarri distantziak hartuz,
maiz distantziak gu hartzen.
Gerta litezkeenak gozo
edo inoizko garratzen.
Nahiz eta ahalegindu
gai hontara gerturatzen,
zaila da distantziari
distantziaz begiratzen.

Arrasto umela Arrasto umela (Hitzak: Iñaki Aurrekoetxea-Musika: Mikel Urdangarin)

Pizti arrunten modura
senarra dator barrura,
joaren joaz harrapatu du
haziak helmuga.
Gero betiko ohitura
nekea edo logura.
Azken musu bat ahaztu ostean
seko geratu da.

Nahiz bakarrik nauen utzi,
kulerorik ez dut jantzi,
asetu ezak tentaldiari
ezin dio eutsi.
Lehengoa zen horren gutxi,
trenetik zergatik jeitsi,
gozamenaren geltokiraino
ez bada iritsi.

Behin haitzuloan sartuta
samurtasunaren punta,
hatzamarraren eskutan dago
helburu arrunta.
Orgasmoraino pausuka
eraman beharra nauka,
alboko pendoi artega horrek
ezin izandu ta.

Sumendiaren epela
berotzen doan bezela,
izaretara bideratzen da
arrasto umela.
Hau bai harreman fidela,
sexuzko autonobela,
laztan bakoitzak bere txikian
asetzen nauela.

Igurtzi baten ostean
hurrengoaren eskean,
gozamen suak hastera doaz
nire hankartean.
Dardara luze batean
murgildu naiz bapatean
ta sekretua ezin izan dut
gorde isilpean.

Asperenak salaturik,
albokoa kezkaturik,
lasai gizona ez baita izan
ametsa besterik.
Ondoren isil isilik,
buelta erdia emanik,
loak hartu nau irribarretsu
ta kulero barik.

Lagun heldu baten gogoetak (Aitor Sarriegi)

I
Zilegi bekit garai bateko
oroitzapenez hastea
ni ere izan nintzen umea,
nerabe eta gaztea.
Baina bizitzak eskatzen digu
heltzea eta haztea.
Gizarte hontan gorantz joatea,
hori da irabaztea!
Gidoi batean murgildu ginen
ni ta nire emaztea
gauza bat soilik ahaztu zitzaigun:
gidoia geuk idaztea.

II
Behin emaztea aipatu eta
hura zen ezkontza hura!
Berrogei lagun ermitara ta
berrehunen bat otordura.
Trajeatuak barra ertzera
ta Orfeoia kantura.
Dena onetik, dena hobetik
noble berrien modura.
Aitak ordaintzen zuen artean
bazkariaren faktura,
gu Kanadara joan ginen lagun
langabetuen kontura.

III
Baina gerora errutina zen
gure bizitzaren jabe
eta haurtxo bat izan genuen
gure harremanaren alde.
Amonarekin dagoenean
gu ere gustura gaude
pintxoak jan ta kriantza edanez
berriz nobioen pare
baina gauetan esnatuz loa
zapuzten digu halare.
Ume bat nola etor daiteke
eskulibururik gabe?

IV
Urtean behingo parrandarako
ez naiz egoten zalantzan
umea lotan utzi ondoren
eta emaztea plantxan.
Despedidako afari latza
eta gero… txan ta ta txan!
Kendu eraztuna behatzetik ta
zeozeren esperantzan
Pub-en batean bukatzen dugu
ohartu gabe balantzan
hogei urteko neskei begira
berrogeikoekin dantzan.

V
Bagoaz zentro komertzialera
dena ez baita parranda
azken urtetan astearteko
gure plana hau izan da.
Dendarik denda gabiltz haurrari
lau litxarkeri emanda.
Dantzatu VISA eroen gisa
hemen guztia da ganga…
Azokan ere ibiltzen gara
tokatzen denean txanda
hiru letxuga regateatzen
BMWan joanda.

VI
Badut lagun bat, demagun Aitor
solteroa, zer arraio!
Izan ez dena bizitzan mailaz
igotzeko bezain iaio.
Tarteka zerbait ligatu arren,
egin arren zenbait saio.
Gizajoari ohartzerako
arroza pasako zaio…
Nire bizitza bideratutik
sarri hurbildu natzaio…
Nahiz ta urte bat den andrearekin
larrurik ez dudala jo.

***
Azken bertso hau neure ahotik
ta sortatik apartean
mespretxatua sentitu bainaiz
sarri begiradapean.
Zer gertatzen da ez badut sartu
nahi horrelako katean?
Hori gidoi bat besterik ez da
beste askoren artean…
Bakoitzak bizi behar duenez
gustuko duen batean
zuen bizitzak konpondu arte
utzi besteok bakean!

(Iturria: http://www.argia.com/argia-astekaria/2219/bertso-egunerako-jarriak )